Arimaz Kamera Orkestrak kontzertu sinfoniko berezia eskainiko du maiatzaren 5ean, Leidorren

Olaia Garmendia Ancisar 2024ko api. 24a, 12:35

Piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko du talde tolosarrak eta eskainiko dituzten obrak sinfonikoak izanik, ia hirukoiztu egingo da oholtzan izango diren musikarien kopurua, guztira 50 kide inguru elkartuz. 

Arimazeko ohiko partaideez gain, Tolosako Musika Eskolako flauta, oboe, klarinete eta perkusio joleak, Musikeneko ikasle talde bat eta Irungo Luis Mariano Lirika Elkarteko musikariak batuko ditu. 

Sara Liton, Musikenen orkestra eta abesbatza zuzendaritza ikasten ari den madrildarra, izango da zuzendaria, eta pianoan bakarlari Izaro Yañez tolosarra arituko da. Yañez Loatzo Musika Eskolan hasi zen pianoa jotzen, eta Francisco Escudero Kontserbatorioan musikako ikasketak burutu ondoren, iaz Musikenen Piano gradua bukatu zuen. Egun bakarkako eta ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen, beste musikariak eta koruak akonpainatzen eta irakasten jarduten du. 
Kontzertuari hasiera emateko Franz Schuberten ‘Rosamunde (D. 797)’ obraren zati sinfonikoak interpretatuko dituzte, eta ondoren, Clara Schumann-en ‘Piano Concerto in A minor (Op. 7)’ obrarekin jarraituko dute.

Kontzertua 12:30ean hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabankeko webgunean, 12 euroko salneurriarekin. Musika Eskolako ikasleek lehen bi sarrerak 6 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte. Egunean bertan Leidorreko lehiatilan ere eskuratu ahal izango dira. 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean